XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hautagai bakarra

Datozen hauteskunde orokorretan Felipe González hautagai nagusia izatea erabaki zuen atzo aho batez PSOEko exekutiboak, zazpigarren aldiz Gobernu espainiarreko lehendakaritza eskuratzeko asmotan.

Azken hilabeteotan hainbat mediok eginbehar horretarako PSOEko balore berriak aurkezteko aukera aipatuz aritu badira ere, Gonzalezen kandidatura onartu da azkenik.

PSOEko adituen iritzian, zehazki Javier Solana zen, bolada batez Jose Borrellen parean aritu ondoren, hautesleen artean oniritzi mailarik onena lortuko zukeena.

Solana NATOko idazkari nagusi izateko ustegabeko izendapenaren ondoren, zeina, ondorioz, edozein abentura elektoraletik kanpo geratzen den, duda bat zabaldu da, hots, hura bidetik apartatuz González hautagai bakarra izateko felipistek zuzendutako maniobra izan den ala, bestela, Javier Solana, NATOko idazkaritzatik pasatu eta horrek emango liokeen prestigioaz jantzirik, epe erdira begiratuta ordezko gisa errekamaran gorde nahi duten.

Bi aukeretatik edozein dela ere, PSOEko exekutiboan pisu handia du oraindik Felipe Gonzalezek, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, PPri garaipena garesti jartzeko moduko erakarpen elektorala duelako sinesmenak.

Eta garaipen hau honela gertatuko balitz, eta hori daitekeena da, beti izango dute Solana, etorkizunean eginbeharrekoa burutzeko prest.